XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Madariaga anaien ohoretan egingo da aurtengoa Bertsolari Egunarako dena prest Donostian

Bertsolari Egunako egitaraua zehatz-mehatz erabakirik geratu zen Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak hil honen 9an Donostian egin zuen bileran.

Hain zuzen ere, Bautista eta Xalbador Madariaga, bertsolari nafarren ohoretan egingo etzi igandez.

Tabernetan eta kaleetako ormetan eseki diren paperek Victoria Eugenia antzokian izango dela badiote ere, bertsolarien jaialdia Astoria zinetokian egingo da, iaz bezalaxe.

Leku haundiagoa denez, sarrera eskuratzeko zailtasun haundirik ez du izango bertsozaleak, beraz, Azpeitiko Pastorkua, Donostiako Alejandro eta Urola, Tolosako Agustin-Enea eta Arantzako Aterpe tabernetan salgai daudenak bukatuko balira ere, Astorian bertan nahiko aukera izango bait da egun hauetan eta igandean bertan, jaialdiaren aurretik.

Eguerdiko 11`30etan hasiko da jaialdia.

Bautista eta Xalbador anaiak, lehen omendutako bertsolarien erdian eseriko dira: Lasarte, Lazkao-Txiki, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Etxeberria, Garmendia, Mitxelena, Loidisaletxe, Paulo-Txikia, Xanpun, Mugartegi, Egileor eta Azpillagaren erdian alegia.

Eta hain zuzen ere, beroien agur banarekin hasiko da Iñaki Murua eta Xabier Euzkitzek gidatuko duten jaialdia.

Bertso saioa, berriz, Zeberio, Mendizabal, Igartzabal, Iraola, Altzo-Txiki eta Begiristain goiherriarrek, Peñagarikano eta Telleria albizturtarrek, Sebastian Lizaso, Lazkano, eta Gorrotxategi azpeitiarrek, Enbeita eta Lopategi muxikarrek, Amuriza etxanoarrak, Sarasua eta Egaña gazteek eta abarrek eskainiko dute, seinaka, hirunaka, binaka eta banaka uztarturik.

Bertsolarien goraipuak eta bertsozaleen txalo beroak jaso ondoren Donostiako udalaren, Bertsolari Elkartearen, Nafarroako Bertsolari Lagunen eta abarren opariak hartuko dituzte Bautistak eta Xalbadorrek.

Egunari berea emateko, berriz, Igeldoko Buena Bista jatetxean elkartuko dira lagunarteko bazkarian.

Eta hantxe aditzera emango da datorren urtean omenduko den bertsolariaren izena, bazkalondoko bertso saioan.

Orain arte ere, bertsolari eta bertsozaleen egun suertatu izan da Joxe Salaberria zenaren eraginez norbaiten omenez egin izan den urteroko bilera hau.

Hemendik aurrera, ordea, deitu ere Bertsolari Eguna deituko zaio, hil honen 9an Bertsolari Elkarteak hala erabaki zuelako.

Omendu ere bertsolari bat edo bertsolaritzaren alde lan egin duen beste norbait omenduko da, 1990etik aurrera, behintzat.

Omenduko den bertsolariaren edo bertsozalearen herrian, gainera, zenbait ekintza antolatuko dira Bertsolari Egunaren aurretik.

Datorren urtean nor omenduko den erabakia du, noski, Bertsolari Elkarteak, baina igande arratsalderarte ez du aditzera emango.

DEIA egunkariak jakin duenez Lopategi, Arregi eta Lexoti bertsolarien izenak erabili dira ahotan.

Gazte askorentzat ezezaguna da Lexoti oiartzuarra, osasun faltaz erretiraturik bait dago.

Baina 1960 inguruko txapelketara edo Idiziabalgo Zepai Sarira hurbildu zenak ondo ezagutzen du Lexotiren tajua eta moldea.

Dena den, igandean jakingo da Bertsolarien Elkarteak noren aldeko aukera egin duen datorren urterako, merezimenduez gainera, bakoitzaren premiak, osasuna, adina eta abar ere beti kontutan izaten bait dira honelako erabaki batean.